2013-12-20

Gabonetan nola jokatu

Ondo pasatzeko egun hauetan, hainbat gomendio daude sarean. Hona hemen Ikasbileko batzuk
gastuekin zentzuz jokatzeko, hondarrak kontserbatzeko , jostailu ez-sexisten gida,

Ados zaude iritzi honekin?


Gabonen iruzurra

Uste dut iritsi dela unea egungo gizarte kontsumista honi agur esateko eta Gabonen inguruan beste aro bati ekiteko; izan ere, Gabonen mamia edo egun hauei atera nahi zaien zukua horixe besterik ez da, jendearen kontsumoa handitzea.


ANDER ALTUNA


Urtero-urtero bezala, azkenean ere hemen ditugu Gabonak, besteak beste iragarkiak arduratzen direlako egun hauen etorreraren berri emateaz. Ikaragarria da zenbat iragarki irentsi behar izaten ditugun: jostailuak batetik, lurrinak bestetik, loteria eta abar. Uste dut iritsi dela unea egungo gizarte kontsumista honi agur esateko eta Gabonen inguruan beste aro bati ekiteko; izan ere, Gabonen mamia edo egun hauei atera nahi zaien zukua horixe besterik ez da, jendearen kontsumoa handitzea. Gupidarik gabeko kanpaina publizitario horien xedea ahalik eta mozkin gehien lortzea da, bizi dugun eredu kapitalistaren isla nabarmena izanik, eta ez erakutsi nahi digutena, hau da, poztasuna, laguntasuna edota familien batasuna.


Gainera, kale kantoi asko eta asko gabon-argiz hornituak daude. Inolako zalantzarik gabe, horrek guztiak kaleak xarma berezi batez josten dituelako ustea daukat, baina, zoritxarrez, argi horiek xurgatzen duten energia gure patrikatik ordaindu beharra daukagu. Galdetu al digute nahi ote ditugun gure kaleetan diru xurgatzaile horiek ipintzea? Kontuan hartu beharra daukagu jende anitzek ez duela argindarraz baliatzeko parada, euren etxeetan argindarrik gabe bizi direla alegia.


Hemendik salatu nahi nuke Gabonek dakarten iruzurra. Ametsezko mundu zoragarri bat erakutsi nahi digute. Ez dezagun ahaztu errealitatea oso dela bestelakoa eta ametsa zenbaitentzat esnatu ezineko amesgaizto bat besterik ez dela. Ea behingoz gezur horri amaiera ematen diogun eta Gabonen benetako esanahiari irmo eusten diogun.